Artistak naturaren aurrean jasotzen duen zirrara zuzenean adieraztea helburu duen XIX. m.aren bukaerako pintura-mugimendua; hedapenez, literatura, musika eta zinematografian helburu berberaz sortutako mugimendua.Inpresionismoa Parisen hasi zen E. Manet-ek Landako bazkaria koadroa Saloira aurkeztu eta atzera bota zutenean (1863). Horrela, pintura akademikoa egiten ez zutenen sinbolo bihurtu zen eta, apurka, Monet, Pissarro, Renoir, Sisley, Cézanne eta Degas pintoreak Maneten margotzeko era aintzat hartu eta teknika garatzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu inguru akademikoak zeukan onespena. Teknikaren ausardiaz gainera, pintore gazteok ez zituzten onartzen maisu akademikoek inposatzen zituzten gaiak. Hastio zuten klasikotasuna, hastio zituzten mitologia grekolatindarraren heroi eta mito behin eta berriz landuak. Natura margotu nahi zuten, astoa eta paleta estudiotik aire zabalera atera nahi zituzten. Bodegoiaren ilunpetik naturaren argitasunera egin zuten bide. Pintore-talde honek 1874an antolatutako erakusketan Monetek Inpresioa, eguzkia sortzen koadroa aurkeztu zuen, eta kritikari batek gutxiesteko inpresionistak deitzetik hartu zuten izena. Guztira zortzi erakusketa egin ziren 1879 bitartean. Renoir eta Sisley onartu zituztenean Saloian, taldea sakabanatzen hasi zen (1880). Denborarekin, naturaren gaiari aurkikuntza hiritarrak gaineratu zizkioten inpresionistek, beti ere ikusitakoak euren gogoan une batez sortarazitako irudia librean pintatuz. Pintzelkada labur, bizi eta azkarreko teknika landu zuten, eta honenbestez halako efektu bereziak sortu zituzten argiaren eta itzalen nahastetik, margotzen zuten naturari animazio- eta bizitasun-, mugikortasun-ahalmena ekarriz. Euskal Herrian Dar'o de Regoyos espainola izan zen inpresionismoaren bidea zabaldu zuena pinturan, batez ere Bidasoaldeko paisajeetan. Eskulturan Rodin izan zen inpresionismoaren adierazle nagusia eta musikan Debussy eta Satie.
2008/04/04
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)

No hay comentarios:
Publicar un comentario